XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bera ondo ohartzen zen defentsa hutsezko sistema bat zela hura, Razionalismoaren objezioei erantzuteko propio asmatua, baina erantzun haiekin ez zen lasai gelditzen.

Aitzitik barruko kezkak fede gauzei buruz are eta gordinagotzen zizkioten.

Oroitzen naiz behin, teologi ikasle ginela, Arantzazutik aurrez aurre dagoen harkaitz hartara joan ginela.

Hango ikuspegi ederra ikusten gaudela, hara hitzetik hortzera zer ateratzen zaion: Hemendik begiraturik komentu horrek paradisu zoragarri bat dirudi..., ez luke inork esango kartzela bat dela... Zer ari haiz esaten?, erantzun nion.

Eta berak: Bai, zuk esango didazu neri!..., gaineratu zidan zorrotz; eta isildu ginen denok.

Donostian egin zituen urteetan barneko kezka eta zimikoak ez zitzaizkion kendu.

Beharbada gehitu.

Politika giroak, eliz giroak, fraide bizitzeko giroak, denak ematen zion min.

Ustez eta Ameriketara joanez barnea lasaituko zitzaiola, hara joan zen; baina ez.

Bakoitzak berak berekin baldin badaramatzi arrangurak, hoik tokiz aldatzearekin ez dira izkutatzen.

Antiklerikal ateraldiak ere maiz izaten zituen.

Elizaren giro hertsia eta disziplina gogorra ezin zuen jasan.

Beharbada Kontzilio ondoko giroa ezagutu balu, aisago aurkituko zuen bere burua.

Baina ez dakit.

Orduan orduko giroaren kontra bezala, oraiko aurrelarien kontra azalduko zela uste duenik ere bada.

Baina utz dezagun hori.

Gaur bizi balitz zer egingo lukeen argitu nahia, nahi alferra da eta.

Beste aldetik, eta bere erara, Jainkozale zintzoa zen eta Ama Birjinaganako jaiera beroa zuen.

Behin egin zidan konfidentzia hau: bera ez zela inondik eta inolaz ere Ama Birjinari egunero errosarioa errezatu gabe gelditzen.

Hau da nik ezagutu nuen Salbatore.

Nerbio hutsa, urduria, bakez bizitzen ez zekiena, bizi-bizia, pixka bat susmotia.

Gizon zatikatua, urratua.

Sintesi gozo eta erabateko bat egiten asmatu ez zuena.

Haren obretan ere, pixka bat sakonki aztertuz, badira horren aztarnak.

Objetibitate soila eta hutsa ez dut uste gehiegi interesatzen zitzaionik.

Bere barneko ikuspuntutik hartzen zituen beti gauzak.

Barne mundu hori aberatsa zuen, baina ez bakezkoa, ez amoltsua.

Bolkan baten, sumendi baten parekoa baizik.

Mitxelenaren suprimenduen beste iturri bat, eta buruzagienetakoa, zein zen esan beharrik ez dago: euskararen, Euskal Herriaren eta euskaldunen egoera eta patu beltza.

Behin Arizkunera joan zen eta uste dut han zenbait egun egin zituela, hango mojei Ejerzizioak ematen edo ez dakit zertan.